top of page
Leioako merkatariak etengabeko arraunean

Leyre Eguskiza Sesumaga - 2013ko abenduaren 16a

Guztiok entzuna dugu David eta Goliaten istorioa. Israeldarra zen David, txikia baina adoretsua. Filisteo erraldoia zen Goliat, guztiengan izua pizten zuena. Davidek bost harri txiki bildu zituen eta bere habaila eskuan harturik, horietako batekin buruan eman zion Goliati. Erraldoia, kolpearen ondorioz, lurrera erori eta hil egin zen.  Arrazoiak iradoki zezakeenaren aurka, txikiaren zuhurtziak garaipena eman zion. Latzagoa da, ordea, Leioako saltokien borroka. Goliat batekin baino gehiagorekin egin dute topo azken urteotan eta horrek zaildu egin du haien biziraupena. Harri- jaurtika ari dira erraldoiak Leioako denda txikien ateen aurrean.

 

Irribarre batez, duela hogeita hamahiru urteko Leioa oroitu du Jean Paul Olmosek arropa dendako kamiseta berriak apaletan ordenatzen dituen bitartean. Gaur goizean iritsi zaizkio, kolore guztietakoak eta modernoak. Oso modernoak. Herriaren antzera. “Aldaketa izugarria jasan du Leioak azken hamarkadetan. Gogoratzen dut denda ireki genuenean enparantzetan eta auzoetan egiten zela bizitza, kalean, eta saltoki txiki asko zeudela. Orain, ordea, gero eta gutxiago gara. Herri sentimendua pixkanaka- pixkanaka galduz goaz”.

 

Txikia zen Leioa duela hogeita hamar bat urte. Udaleko datu ofizialen arabera, 1970ean 10.708 leioaztar zeuden. 2012ko datuek, ordea, 30.626 biztanle daudela diote, aipatu kopurua hirukoiztuz. Herritar berri horietako asko beste zonalde batzuetatik iritsi dira eta gehienek herritik kanpo egiten dute lan. Ondorioz, Leioa ‘lo- hiri’ bihurtu dela edo, hobeto esanda, bihurtu dutela diote askok. Horra hor, dendarien ustez, gainditu beharreko oztopoetako bat.

 

Ointxiki zapata- dendako jabea eta dendarien elkarteko presidentea den Yolanda Sanchezek dio Leioako biztanleek ez dutela Leioan bizitza egiten eta, ondorioz, ez dutela bertako dendetan erosten. “Gazte asko etorri dira bizitzera hona baina beharrezko gauza guztiak erosita eramaten dituzte etxera gauean, askotan ez dakite zeintzuk diren eskaintzen ditugun aukerak”, gaineratu du.

Uste berekoak dira Luisa Villar eta Fernando Gonzalez, Lara dendako jabeak. Hogeita bat urte pasa dira bitxi-denda ireki zutenetik eta herritarren erosketa-ohiturak aldatu direla azpimarratzen du Gonzalezek: “Leioako jendeak gure dendan gero eta gutxiago erosten du. Herrikoak izan ez arren hona lanera etortzen direnek, ordea, fideltasun handiagoa dute. Hala ere, hein handi batean ulertzen dugu leioaztarren jarrera. Kanpoan egoten dira egun osoan eta hona datozenean denda guztiak itxita aurkitzen dituzte. Non erosi orduan?”.

 

 

Eraberritu ala hil

Gero eta modernoagoa den Leioan saltoki zaharkituek lekurik ez dutela esatean ados ageri dira elkarrizketaturiko merkatari guztiak. Oraindik asko dira, ordea, Leioako dendetan urte askotan lanean egon direnak eta iraganeko estiloa bere egin dutenak. “Eraberritzen jakin beharko lukete, edo horretan saiatu  behintzat. Batzuek lokala berdin mantendu beti. Paretak margotu, bonbillak aldatu…ez da ezer kostatzen eta identitate propioa eraikitzen laguntzen du”, dio Jean Paul Spatium-eko jabeak..

 

Saltokien elkarteko presidenteak, gainera, apatia hori merkatarien eguneroko tratuan ere nabari dela azpimarratzen du. “Sektore bat oso desanimatuta dago eta gogo falta hori bezeroenganaino heltzen da askotan. Egia da ekonomikoki egoera ez dela onena, baina argi izan behar dugu lokaleko pertsiana altxatzen dugunetik bezeroa dela garrantzitsuena. Gogoa eta ilusioa izan behar dira giltzarri jendea guregana hurbil dadin”, adierazi du Yolanda Sanchezek ziurtasun osoz.

 

Tsunamia

Krisi ekonomikoaren tsunamiak gogor zigortu du kosta ondoko herri honen merkataritza. Etengabeko olatuek dozenaka lokal irentsi dituzte azken bizpahiru urteotan eta beste batzuk nora ezean dabiltza, itsas azalera atera nahian.

“2006an bezala ari gara saltzen orain. Genero gutxiago erosten dugu eta benetan gustatzen zaiguna bakarrik hautatzen dugu”, azpimarratu du Fernando Gonzalezek. Jean Paul Olmosek ere kostuak murriztu behar izan dituela aitortzen du eta krisi egoerak luzaroan jarraituko duela ziur dago. Horri aurre egiteko kalitatea, zerbitzua eta arreta dira bere “partidako kartarik onenak”. Ointxikiko jabeak, ordea, ez du beherakada handirik nabaritu. Bere kasuan, “salmenten izoztea” kontzeptua erabiltzen du aurreko urteetan izan zuen gorakada bat- batean gelditu dela azaltzeko. “Kanpaina eta promozio ugari martxan jarri ditugun arren, jendea erosteaz beldur da gauzak ondo ez doazen heinean. Horregatik txipa aldatu behar dugu eta gutxi erosten bada ere, Leioan izatea lortu behar dugu”.

 

Noraezean dabilen saltokietako bat Leioako merkatua da. Hogei urtez postu guztiak jendez beteta egon izan diren arren, gaur egun hogeita hamarretik hiru arrandegi, bi harategi eta fruta-denda bat baino ez dira geratzen zabalik. Luisa Villarren denda merkatuaren ondoan dago eta beraz, gertutik bizi izan du haren beherakada. Duela urte batzuetako ilara luzeak gogoratzen ditu, jendea bertaraino hurbiltzen baitzen elikagai fresko eta kalitatezkoen bila. Krisi ekonomikoaren eta supermerkatu handien agerpenaren ondorioz egoera aldatu dela uste du Villarrek. “Orain salgaiak eta kalitatea ez dira berdinak eta herritarrek igarri egin dute”, argudiatzen du.

 

Tsunami eta olatuez gain herriko denda txikiak marrazoz betetako itsasoan ari dira igerian. Gero eta gehiago dira herriaren inguruan eraiki diren supermerkatu eta merkatalgune handiak. Konkretuki, Bizkaian zortzi daude: Artea, Ballonti, Max Center, Megapark, Bilbondo, Los Fueros, Zubiarte eta Bidarte. Asteburuan eta astean zehar gazte eta helduen bilgune bilakatu dira, aisialdirako proposamen nagusi gisa. Gainera, harreman sozialak hobetzen laguntzen dutela uste dute herritar askok. Zineak, dendak, tabernak, jatetxeak…denetarik aurkitu daiteke lau pareta horien barruan.

 

Merkatarien elkartea soinez soin

Arazoak arazo, Leioako merkatariak ez daude bakarrik. Soinez soin egiten dute lan ehun eta bost kideek. Krisiaren ondorioz batzuk kide izateari utzi diote denda itxi behar izan dutelako baina aurpegi berriak ere gehitu zaizkie aurten.

Yolanda Sanchezek beti izan du argi herriko saltokiek norabide berdinean egin behar dutela arraun. Hasieratik egon da elkartean eta bi urte daramatza presidente lanetan. Haren aburuz, ezinbestekoa da elkarri babesa ematea eta besteen esperientzietatik ikastea. Lara dendako jabeentzat ere elkarkidetza sustatzea oso garrantzitsua da: “Gauden egoera kontuan izanda elkarri lagundu behar diogu eta ez builaka ibili; ondoko dendak kidea izan behar du eta ez arerioa”.

 

Ekaitza baretzearen zain

Hodei ilunak nagusitzen badira ere, ekaitza baretuko dela ziur daude dendariak. Haien ustez, denda txikiak ez dira inoiz desagertuko. Gaur egun une txarrak igarotzen ari dira eta irabazi baino, bizirauteko ari dira arraunean. Hala ere, Yolanda Sanchezen ustez krisiak herriko merkataritzaren alde jokatu dezake alde batetik begiratuta: “Erosketak egiterako orduan, herritarrek askoz gehiago konparatzen dituzte produktuak eta behar dutena soilik kontsumitzen hasi dira, baina emaitza ona eta kalitatea mantendu nahi dituzte. Aukera hori aprobetxatu behar dugu eta gure lana ondo eginez bezero horiek mantendu, leioaztarrak eta saltokiak baitira Leioaren arima”.

 

Duela egun batzuk beltzez estali zituzten euren dendetako erakusleihoak, herritarrei eurak desagertuko balira zer gertatuko litzatekeen hausnartzera bultzatzeko. Etorkizuna, ordea, ez dute beltza ikusten. Arraunean ari dira Leioako saltokiak, etengabeko arraunean, korrontearen kontrako norabidean, Goliat-ei aurka eginez, lehorra zapaltzeko gogoz.

"Denda ireki genuenean enparantzetan eta auzoetan egiten zen bizitza". Jean Paul Olmos, Leioako dendaria

"Leioako jendeak gure dendan gero eta gutxiago erosten du". Fernando Gonzalez, Lara dendako jabea

Herri- bozgorailua: Zer diote leioaztarrek?

"Leioaztarrak eta saltokiak dira herriaren arima". Yolanda Sanchez, Leioako merkatarien elkarteko presidentea

Argazkiak: Julen Hernandez eta Nerea Reparaz

bottom of page