top of page

Burugabekeria bat da Leioako gazte hauek planteatu dutena, suizidio bat. Euskarazko tokian tokiko hedabide bat sortzea, non eta Leioan, euskara entzuten ez den herrian. Korrontearen kontra joatea baino, datuen kontra joatea da halako egitasmo bat planteatzea: 30.447 biztanletik soilik 2.216 du euskara ama hizkuntza moduan, eta soilik %7,28k erabiltzen du etxean.

 

Ekonomikoki ere, itxaropenik ez. Hedabideak ixten ari diren garai honetan, nola bermatu halako komunikabide bat errentagarria izatea? Nola lortuko dute dirua? Diru publikoa geroz eta urriagoa da eta argi dago zein den murrizketak jasango dituen lehen proiektua: sortu berri dena. Kazetaritzaren ikuspegitik ere, eromena da doako komunikabide bat sortzea, eta are eroagoa boluntarioz osatutako proiektu bat planteatzea.  Noiz arte egongo dira boluntarioak proiektutik tiraka? Gogoak eta indarrak agortu arte?

 

Baina halakoak izan dira, dira eta izango dira ekimen guztiak: zoroak. Dirua irabazi nahi baduzu, hasteko, gaztelerazko hedabide bat sortzea izango litzateke onena. Euskarak mugatu egiten zaituelako, bai Leioan eta baita Hernanin ere. Gogoak dira aurretik jarri behar direnak, ez dirua. Egoera oso beltza izanda ere, gogoak jarrita posible da proiektu bat aurrera ateratzea. Alderantziz egiten bada, dirua bai baina gogorik ez, porrota izango da aukerarik nagusiena.

 

Horretara goaz, igerilekura gure burua botatzera. Batzuk itoko garela esango dute, edo ur gainean ozta-ozta mantenduko garela. Igerilekua hutsik egotea ere baliteke, eta ostia ederra jasotzea. Baina guk salto egin dugu, eta aurrera goaz.

 

Erredakzioa - 2013ko Abenduko 16a

Leioako

Merkatarien

Elkartea

Iritzia

Igerilekura buruz salto

TIRA
EDITORIALA
bottom of page