
Euskararen Eguna ospatuko da datorren abenduaren hiruan, asteartea. Urtero egin den moduan, aurten ere Leioako udalak ospakizunerako programazio berezia antolatu du. Jarduera eta ikuskizunak gaur hasiko dira, eta asteazkena izango da jai handia. Adin guztietako hiritarrei bideraturiko ekintza anitzak izango dira. Besteak beste, magia, tailerrak, musika eta zinea.
Etxeko txikienei bideraturiko gynkana berezi batek emango dio hasiera euskararen aldeko programazioari. Arratsaldeko 17:30tan batuko dira umeak Barandiaren institutuko patioan. Ekintza hori “Barikuetan jai” egitasmoaren baitan antolatu dute.
Larunbatean tailerrak eta zinea izango dira nagusi Leioan. Iaz egin zen moduan, aurten ere haurrek Gabonetako apaingarriak egiten ikasiko dute. 18:00 elkartuko dira parte hartzaileak Ongi Etorri Topalekuan. Bien bitartean, Kultur Leioa Auditoriumean euskarazko zinea ikusteko aukera izango dute. Amaren eskuak batetik, helduei bideratuta eta bestetik, Kon Tiki umeentzako filma.
Doniene abesbatzak Musika eskolako txitu taldearekin elkarlanean herriko kaleak musikaz beteko ditu igandean Kalekantukaren eskutik. 12:00tan abiatuko dira Kultur Leioatik eta herriko plazan zein kaletan barrena ibiliko dira.
Jai handia asteartean izango da, Euskararen Egunean. Kandelazubietako polikiroldegian burutuko dira ikuskizun eta ekintza guztiak. Dantzak, Tor magoaren magia eta bertsolari gazteen saioa ikusi ahal izango dituzte bertaratzen diren leioaztarrek.

Nerea Reparaz - 2013ko abenduaren 2a
Programazio berezia euskararen alde
2012ko Euskararen Eguneko ospakizunak Altzaga ikastolan / Argazkia: Altzaga Ikastola

