
Irekia dago Gabonetako Iñaki Saez Kanpusean izena emateko epea
Txabi Alvarado Bañares - 2013ko abenduaren 9a
Abian da Gabonetako Iñaki Saez futbol Kanpusa, Leioako Kirol Klubaren eskutik. 2000-2008 urteen artean jaiotako ume eta gazteei zuzendua dago, eta irekita dago jada bertan izena emateko epea. Formulario hau bete behar da horretarako, eta dagokion dirua sartu behar da formularioan bertan azaltzen den kontu-korrontean.
Kanpusa bi txandetan banatuko da. Abenduaren 23,24, 26 eta 27an izango da lehena, eta bigarrena 30 eta 31an eta urtarrilaren 2 eta 3an. Baina egongo da bi txandetan izena emateko aukera ere. Bakarrean izena emanda 100 euro ordaindu beharko dira, eta 180 bietan parte hartu nahi izanez gero. Leioakoak edo klubekoak ez direnak edo aurreko ediziotan parte hartu ez dutenek, aldiz, 120 euro ordaindu beharko dituzte txanda batera bertaratzeagatik, eta 80 euro gehiago bietara joateko asmoa izatekotan. Gainera, parte hartzaileek eskaintza berezia izango dute euren neba-arrebaren batek ere izena ematen badu: neba-arreba bakoitzeko 20 euro deskontatuko zaizkio. Hortaz gain, ume eta gazte bakoitzak kirol ekipamendu bat jasoko du Kanpusaren hasieran, eta goiz guztietan askaria hartzeko aukera egongo da, doan.
Kanpusa goizean zehar izango da, 8:00etatik 14:15etara. Antolatzaileek jakinarazi dute parte hartzaileentzako autobus zerbitzua egongo dela, zeinegatik 30 euro gehiago ordaindu beharko diren txanda bakoitzeko. Horretaz gain, jokalari guztiek istripu-aseguru bat izango dute.
“Estatuko bisitatuenetarikoa”
Kanpusak ume eta gazteak futbol jokalari moduan dituzten trebeziak garatzea du xede. Dena den, antolatzaileek gogorarazi dute adin eta maila ezberdinei moldatutako ikastaroa izango dela. Euskararen erabilera sustatzea ere helburuetan markatua dago.
Belar artifizialeko hiru zelai baliatuko dira kanpuserako, eta euria egitekotan estaliak dauden areto futbolerako hiru zelai daude. Kanpuseko begiraleak Leioako Emakumeak eta Lagun Artea eskolakoak izango dira. Antolatzaileek azpimarratu dute Iñaki Saez dela Bizkaia mailan dagoen Kanpusik bisitatuena, eta estatu mailan ere bere garrantzia duela.
Kanpusari buruzko informazio gehiago www.campusleioa.com webgunean.

Javi Martinezen bisita 2012ko Iñaki Saez Kanpusera / Argazkia: SD Leioa

