26 urteko ibilbide luzea egin du Leioako abenduko azokak. Abereen erakusketak eta euskal ekoizleen etxeko produkuek izan dute protagonismoa. Adin guztientzat ekintzak ez dira faltatu musika eta dantza lagun.
Goizeko hamarrak inguruan hasi da jendea batzen Leioako Bulebarra eta inguruetan. XXVI. Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka ospatu da igande honetan, abenduaren 15ean, 10:00etatik 15:00etara. Bulebarrean, J.R. Aketxe eta Errekalde plazetan kokatu dituzte etxeko produktuen postuak zein abereen erakusketa zabala. Euskadi osotik heldutako 75 ekoizle eta artisau bildu dira, gehiengoa Bizkaitarrak antolakuntzak jakinarazi duenaren arabera.
Eguzkitsu argitu du egunak Leioan, eta tenperaturek gora egin bezain laster, goiztiarrak jenderik gabeko plazetara abiatu dira. Goiz guztian zehar, produktu desberdinak dastatu ahal izan dituzte bertaraturikoek; euskal pastelak, etxeko fruituez egindako marmelada, ogia, mamia eta gazta, besteak beste. Azken honek protagonismo berezia izan du azokan. Izan ere, Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendazioaren Bizkaitar Produktoreentzako XV. Lehiaketa ospatu dute. Gazta dastagai nagusia izan da hiru plazetan kokaturiko postuetan.
Temperatura xamurra lagun, jendetza bildu da azokaren ibilbidea osatu duten hiru plazetan. Dendariak pozik azaldu dira jendeak etxeko produktuei emaniko harrerarekin. “Urtez askoz etorri gara Leioako abenduko azokara. Guk Idiazabalgo gazta eta mamia saltzen dugu gehien bat. Krisia nabaritu bada ere, gaurko egunean jendeak zeozer eraman ohi du etxera”, dio Abadiñotik etorritako Inaxio Txurruka saltzaileak.
Txurrukaren postutik metro gutxira, azokak aurtengo edizioan eskaini duen berrikuntzetan arrakastatsuena eskaintzen du Arantza Meabek. Gabon garai gertu dela eta, turroia saldu dute hainbat ekoizlek. Meabek aldiz, pauso bat aurrera eman eta txakolinaren turroia ekoiztu du. “Jendeak harrituta jaso du nire asmakuntza, baina oso ona dagoela esan didate dastatu duten guztiek. Oso ondo ari da saltzen”, dio Meabek.
Musika eta abereak protagonista
Trikitixa eta txistuaren erritmoak alaitu du goiza. Leioako adinekoen etxeko abesbatzak, J.R. Aketxe plazan hainbat euskal abesti eskaini dizkiete bertan pilatutakoei. Goizean zehar euskal dantzak izan dira Gure Ohiturak dantza taldearen eskutik. Bitartean, Ilara luzea egin da Eusko Label bereizgarria duten baserriko txerria eta sagardoa dastatzeko plaza erdian. Leioako Merkatarien Elkartearen laguntzarekin Errekalde plazan herri kirolak izan dira, hala nola Iparraldeko jokoak eta harrijasotzaileak ere.
Abereek protagonismo berezia izan dute azokan. 100 abelburu inguru izan dira Bulebarrean eta Errekalde plazan; Jendeak eginiko tarte batean, abelgorrien ferratze, jezte eta pisatzea izan dira. Hala ere, animalia exotikoen guneak deitu du gehien etxeko txikienen arreta; gameluak, zebrak, llamak eta beste hainbat ez ohiko animaliak.
Etxolen apainketa eta girotze lehiaketak izan dira. Umeentzako tailerrak, poniak, gurdi paseoak eta abar ez dira faltatu. 26 urteko ibilbide luzeak, ospea eman dio gabonen denboraldiari hasiera ematen dion abenduko azokari.
Historia luzedun azoka
Nerea Reparaz Beaskoetxea - 2013ko abenduaren 17a
Azokako postuetako batean, saltzailea euskal pastela saltzen / Argazkia: Leyre Eguskiza
"Denbora luzea daramaagu abenduko azokara urtero etortzen" Inaxio Txurruka, Abadiñoko gazta saltzailea